Gazte delinkuentzia

Gazte delinkuentziari begirada zabala egitekotan egokiena litzateke Brandon C. Welsh eta Larry J. Siegel autoreek diotena aintzat hartzea[1]. Haien hitzetan, gazte delinkuentzia adingabeek egiten dituzten portaera ez zilegien multzoa da; adingabea adin nagusitasun penala gainditzen ez duenaren ikuspegitik ulertuta, maiz adin nagusitasun zibilarekin bat egingo duena. 

Kriminologia eta zuzenbidea dira gazte delinkuentzia lantzen duten diziplina nagusienak. Bakoitzak berorren ikuspegia dauka gazte delitugilea aztertzeko, eta ondorioz, badaude hainbat ezberdintasun nabari bien artean[2]

Zuzenbidearen ikuspegitik delituzko egitateak zigor kodeak delitutzat definitzen dituen jokaera guztiak dira. Espainiaren kasuan, adingabeen zein helduen kasuetarako delituzko portaerak lege berean aurreikusten dira, eta portaera berberak jotzen dira delitu, adina edozein dela ere. Helduen eta adingabeen zigor zuzenbideek bereizten dutena hauxe da: delituei ematen zaien erantzuna. Delitu bat egitearen ondorioz helduei zigorrak ezartzen zaizkie eta adingabeen kasuan, berriz, neurri zuzentzaileak edo hezitzaileak hartzen dira. Erantzun bat ala bestea eman adin nagusitasun penalak zehazten du, eta, gaur egun 18 urtekoa da adin-muga hori Espainiako estatuan. Hori horrela, zuzenbidearen ikuspegitik, gazte delitugilea zigor kodean jasotako portaerak egiten dituen baina helduen zigor zuzenbidea aplikatu ezin zaion pertsona oro da.  

Kriminologiaren ikuspegia hori baino zabalagoa da. Kriminologia marko normatibo baten barruan onartuta dagoen zientzia enpirikoa denez, lege penala oinarritzat izan behar du. Baina zigor kodeak aurreikusten dituen portaeretatik haratago bilatzen du, eta kalte soziala sortzen duten portaera guztiak aztertzen ditu. Adin nagusitasunari ez dio zuzenbideak adinako garrantzirik ematen, eta pertsonaren garapenari erreparatzen dio bereziki. Izan ere, ikuspegi psikologikotik, giza garuna ez omen dago garatuta 21 urte arte gutxienez. Ikuspegi honek gazte delinkuentziari hurbilpen sozialago eta psikologikoagoa egitea ahalbidetzen du. Horrenbestez, aipatutako bi irizpideak elkartuz, kriminologiarentzat gazte delinkuentzia 25 urtetik beherako pertsona orok kalte soziala sortzeko egiten dituen jokabide multzoa da.

Edonola ere, kriminologia eta zuzenbidea ezin dira autonomotzat hartu gazte delinkuentzia aztertzeko; hots, bata bestearen osagarri dira. Zuzenbideak kriminologiari gainditu ezin dituen mugak ezartzen dizkio, eta kriminologiak zuzenbideari errealitateko datuen ezagutza ematen dio, eta horren bidez, gizarteko beharrak arau juridiko bihurtzeko behar dituen tresnak eskaintzen dizkio.

  1. 1947-, Siegel, Larry J.,. (2002). Juvenile delinquency : the core. Wadsworth ISBN 0534519326..
  2. Carlos., Vázquez González,. (2003). Delincuencia juvenil : consideraciones penales y criminológicas. Editorial Colex ISBN 847879770X..

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search